XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aitak esandako mandazainen loteria suertatu zitzaiola burura etorri zitzaion orduan.

- Geldi hor! oihu egin zion batek.

Geldierazi zuen mandoa eta begira gelditu zitzaien abere gainean mandazaina. Ez zien hitzik erantzun.

- Dirudienez berria haiz bide hauetan, esan zion lehenengoak.

- Elkar ezagutzen joateko gure ohituren berri emango diagu lehenik: har ezak esku batekin diru zorroa eta bota guri. Bitartean hi ez mugi hortik.

- Berria nauk eta ez diat zorrorik nirekin. Ez nekian hori behar zenik. Zer egin behar dut sakeletan ditudan sosekin?.

Egun hartako ardoen dirua berekin zuen gizonak eta ezin uka.

- Dirua diru, sakelan ala zorroan. Bota nahi duan eran.

- Nola emango dizuet, bada, dirua? Diru hori nola eman?.

- Daudenak daudenean hartu eta bota, gure egitekoa duk biltzea.

- Horrela eginen diat, beraz.

Eguraldi hotz eta euria egiten zuenerako bazuen mandazainak manta eder bat belaunen gainean.

Hartu eta lapurrei bota zien: - Zabaldu ongi lurrean eta horren gainera botako dizuet dirua, esan zien berak.

- Egia! erantzun zioten lapurrek. Zentzu oneko gizasemea haiz. Ez dituk denak hain prestuak.

Zabaldu zuten lurrean Mattin Mottelaren manta hori eta bitartean bere kontuak ateratzen ari zen nagusia.

Lapurrak asko lasaitu ziren hainbat erraztasun ematen ziela ikustean.

- Bota orain txintxin guzia.